viernes, 2 de diciembre de 2011

XVI. Euskal dendak bihar irekiko ditu ateak


XVI. Euskal Dendak zabalduko ditu ateak bihar goizean. Durangoko merkatu plaza 66 erakustoki hartzeko prest dago jada. Arbasok antolatuta, Euskal denda abenduaren 3tik 8ra bitartean ospatuko da. Euskal Dendaren aurtengo edizioko beste protagonista bat Galizia izango da. Antolatzaileen asmoa da galiziarren artisautza ezagutaraztea eta ulertzeko moduan sakontzea.
Edizio honetako eslogana honakoa da: “Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua”. Izan ere, artisautza bizimodu bat da, “gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat da, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazteko modu bat ere”, esan zuen Bernat Vidal, Arbasoko presidenteak. Horrela bada, ekimen honen inguruan Euskal Herriko artisautzaren eta antzinako lanbideen gailenak batuko dira.
Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izango ditu. Bizkaia izango da ordezkari gehien izango dituena, 27; Gipuzkoak 13; Nafarroak 6; Arabatik 2 etorriko zaizkigu eta Baxenafarretik eta Lapurditik bana.
Sektorekako ordezkaritza dela eta, honakoak izango dira: 9 artisau nekazaritzako elikagaien arlokoak, 8 beirakoak, 7na metalekoak eta zeramikakoak, 6 egurra lantzen dutenak, 4 ehungintzakoak eta 3 larrugintzakoak. Hauez gain, artea, harria, landare-zuntza, euskal kirolak eta kosmetika lantzen dutenak ere bertan izango dira.
Aurtengo edizioan Arbasok leku berezia egingo dio Galiziari. Artisauen ordezkaritza garrantzitsua etorriko dira handik, eta Finisterreko artisauek antzinako lanbideak ulertzeko modua erakutsaraziko diete bisitariei.
Euskal Denda egingo den egunetan, hainbat ekintza ludiko antolatuko dira azoka barruan; horrela, bisitariek aukera izango dute jolas eta lehiaketetan parte hartzeko, baita gazteenenek ere beren-beregi antolatuko diren tailerretan.
Artisauen eta bisitarien arteko komunikazioa funtsezkoa da Arbasoren iritziz. Beraz, beste behin, bisitariek erabaki ahalko dute, botoa emanez, zein den ondoen apainduta dagoen erakusketaria. Halaber, “artisau despistatua” lehiaketan parte hartu ahalko dute, sarrerarekin bakarrik honako zozketan sartuko baitira: asteburu pasa Durangaldeko ostatu batean. Umeentzat ere izango dira ekintzak, aukera izango baitute artileberria, karameluen eta zapi margotuen tailerretan parte hartzeko.
Artetsu Sariak
Euskal Dendarekin lotuta, Arbasok aprobetxatuko du bere Artetsu sariak banatzeko. Sari hauen bitartez, banakakoen edota entitateen lana aintzat hartu nahi dute Arbasokoek. Halaber, konplizitaterako bidea eta loturak sortu nahi du Arbasok aipaturiko lan hori apurka-apurka hazten joan dadin eta, era horretan, artisautzaren aldeko hain garrantzitsua den kontzientziazioa ere eragingo du. Zazpigarren edizio honetako Artetsu sariak honakoak izango dira, Bizitza osoa Mariano Santa Cruz, Erakundea lagun saria Bediako udalarentzat eta hedabidearena Mercedes Fernández Arnáiz, Bilboko RNEko kazetaria.
Sariak emateko gala bihar, abenduaren 3an, egingo da San Agustin kultur gunean, arratsaldeko 19:30ean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario