viernes, 9 de diciembre de 2011

Eskerrik asko guztioi

XVI. Euskal Dendak itxi zituen atzo ateak egundoko arrakastarekin. 20.000 lagun baino gehiago pasatu dira azokatik, horrek esan nahi du bildutako jendetzak aurreikusitakoa gainditu zuela eta Durangokoa Euskal Herriko artisau-feriarik handienetarikoa dela. “Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua” esloganarekin, aurtengo Euskal Dendan 66 erakustoki ikaragarri politak egon dira.
Asteartean egundoko harrera izan zuen Euskal Dendak. Ia-ia 6.000 lagun pasatu ziren Durangoko merkatu plazan zeuden erakustokiak ikustera. Orduan bai, salmentak igo egin ziren eta artisauak oso pozik. Krisiak krisi, artisau gehienek kontent amaitu zuten Euskal Denda eta batzuek enkarguak ere jaso dituzte urtarrilerako.
Arbasok aukera izan du erakutsarazteko “artisautza bizimodu bat dela eta gure herriaren balio kulturak bultzatzeko modu bat dela, baita garapen ekonomikoa sustatu eta, gaur egun, galtzen doazen ogibideak bizi-iraunarazteko modu bat ere” esan zuen Bernat Vidalek, Arbasoko presidenteak.
Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak izan ditu. Bizkaia da gehien izan dituena, 27; Gipuzkoak 13; Nafarroak 6; Arabatik 2 etorri dira eta Baxenafarretik eta Lapurditik bana.
Sektorekako ordezkaritza dela eta, honakoak izan dira: 9 artisau nekazaritzako elikagaien arlokoak, 8 beirakoak, 7na metalekoak eta zeramikakoak, 6 egurra lantzen dutenak, 4 ehungintzakoak eta 3 larrugintzakoak. Hauez gain, artea, harria, landare-zuntza, euskal kirolak eta kosmetika lantzen dutenak ere bertan izan dira.
Aurtengo edizioan Arbasok leku berezia egin dio Galiziari. Artisauen ordezkaritza garrantzitsua etorri da handik, eta hango artisauek antzinako lanbideak ulertzeko modua erakutsarazi diete bisitariei. Galiziatik etorritako artisauak harrituta eta gustura geratu dira izandako erantzunarekin.
Euskal Denda egin den egunetan, hainbat ekintza ludiko antolatu dira azoka barruan; horrela, bisitariek aukera izan dute jolas eta lehiaketetan parte hartzeko, baita gazteenenek ere beren-beregi antolatu diren tailerretan. Artisauen eta bisitarien arteko komunikazioa funtsezkoa da antolatzileen iritziz.
Beraz, beste behin, bisitariek erabaki ahal izan dute, botoa emanez, zein izan den ondoen apainduta zegoen erakusketaria. Halaber, “artisau despistatua” lehiaketan parte hartu ahal izan dute. Umeentzat ere izan dira ekintzak, aukera izan baitute artileberria, karameluen eta zapi margotuen tailerretan parte hartzeko.
XVI. Euskal Dendaren arrakasta handia ikusita, artisauak datorren urteko azokaz pentsatzen ari dira jada eta bide horretan laster hasiko dira lanetan

Datuak
LARUNBATA 3: 1.400 nagusi + 300 ume
IGANDEA 4: 1.357 nagusi + 903 ume
ASTELEHENA 5: 2.528 nagusi + 645 ume
ASTEARTEA 6: 5.092 nagusi + 847 ume
ASTEAZKENA 7: 1.570 nagusi + 206 ume
OSTEGUNA 8: 4.117 nagusi + 948 ume
Datu hauei gehitu behar dizkiezue ekitaldi ofizialetan parte hartu dutenak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario